“DURANDOG”-ek pertsonentzako bide baten eraketa proposatuko du Udaletxean

Durangoko txakurren jabeen elkarteak sinadura bilketa bultzatu du herri ekimenaren bidez proiektua aurrera eramateko asmoarekin.

Durandog elkarteak prentsaurrekoa eman du gaur goizean Pipican Plazan. Bertan, Andrea Mastínez lehendakariak jakinaraztera eman duenez, Pertsonentzako Bidea eraikitzearen aldeko ekimena aurkeztuko dute hurrengo egunotan Udaletxean. Bide honen eraikuntzarekin txakurren estres maila jasangaitza konpontzea du helburu ekimenak. Elkartetik diotenez, gizakiek txakurrei eragindako kalteek modu nabarian egin dute gora azken urtean; etxebizitzen gorakadak txakurrak ukitu nahi dituzten pertsona gehiagoren etorrera eragin du eta, horrez gain, azken hileotan, espainiar selekzioak partidua izan duen egunetan, Matienan botatako zuziri eta txapligoek jasangaitz egin dute egoera animalientzat. Aldarrikapenak aspalditik omen datoz,  izan ere, umeak solte eramaten dituzten gurasoen zein txakurren paretik bizikletan pasatzen diren probokatzaileen kontrako borrokak ere libratu dituzte azken hilabeteotan.

Ponperrada (Espainia) eta Hamburdog (Alemania) hirietan antzeko ekimenek nabarmen hobetu dute bertako txakurren osasun-maila, berriki argitaratutako ikerketa baten arabera. Proiektu hauetan, gizakientzako bideak sortzeaz gain, pertsonekin joateko parkeen eta tabernen irekierak bultzatu dituzte, modu honetan pertsonei ere aisialdiaz gozatzeko aukerak zabalduz. Ikerketen arabera, honek eragin zuzena izan du hiri hauen inguruetako pertsonategiek (pertsonentzako txakurtegiak) zuten gainpopulazioaren beherakadan, pertsona baztertzeak (ababdonoak) behera egin duelarik gune hauetan.

 

Durangon, sinadura jasotzeak politika, kultura edo kirol arloko pertsonaia ugariren babesa jaso du. Ighotz Handia Mendián musher durangarrak bere babesa adierazi zuen joan den astean tuit baten bitartez, trineotik tiratzen duten huskyek azken asteotan burukomin handiak jasaten ari zirela ebaztuz. Eskaerarekiko atxikipena adierazi duten beste pertsonai batzuk Coker Mari Bakero futbolari ohia, Cesar Millan, ZAUNK! txakurren sindikatuko bozeramailea, eta Dalma Tao eskulturagile italiar-vietnamdarra izan dira.

ERNAI Durangok elkarretaratzea deitu du gaur, arratsaldeko 19:00etan, Pluto Deunaren Plazan, Udalak arlo honetan gauzatutako zurikeria kanpaña salatzeko. Ernaikideen esanetan Txakurrentzako pintxopotea Etb1eko “Pintxo eta Pote” saioaren bisita egunean baino ez da ospatu izan, kameren aurrean txakur durangarrek egunero jasaten duten umilazioa estaltzeko.

Durangoko Ertzaintzaren komisaldegian txakurren arteko berdintasunaren aldeko pankarta jarri dute langileek “Guk ere txakurrak garete” leloarekin.

Erantzunak itxita daude.

Create a website or blog at WordPress.com

Up ↑