DURANGOKO HEREJEAK

“Hereje” hitza grekoko hairetikós hitzetik dator, αἵρεσις – haíresis substantiboan jatorria duena eta “desadostasun, hautu” esanahia zuen, jatorriz, pentsaera eskola ezberdineko jendea izendatzeko erabiltzen zelarik. Hereje hitza, lehen aldiz, II. mende bukaeran agertzen da, kristau erlijioari loturik, Lyongo Ireneoren tratatuaren harira, “contra haereses” esabidea erabiltzen delarik, bereziki gnostikoen aurka egiteko asmoz. Ordutik aurrera hereje hitza kristau erlijioaren eskutik doa mendeetan zehar, elizaren dogmen aurka agertzen zen pertsona oro izendatzeko erabili delarik.

Hereje hitza gurera ekarriz, Durangoko herejeen inguruko erreferentzia On Juan II.aren Kroniketan agertzen da, testuak honako hau dio:  “Ansimesmo en este tiempo se levantó en la villa de Durango una grande herejía, fue principiador della Fr. Alonso de Mella de la Orden de San Francisco, hermano de D. Juan de Mella, obispo de Zamora, que después fue cardenal. E para saber el rey la verdad, mandó a Fr. Francisco de Soria, que era muy notable religioso, así en sciencia como en vida, e a D. Juan Alonso Cherino, abad de Alcalá la Real, del su consejo, que fuesen a Vizcaya e hiciesen la pesquisa, e gela truxiesen cerrada para que su alteza en ella proveyese como a servicio de Dios e suyo cumplía: los quales cumplieron el mandato del rey, e traída ante su alteza la pesquisa, el rey envió los alguaciles suyos con asaz gente e con poderes los que eran menester para prender a todos los culpantes en aquel caso: de los quales algunos fueron traídos a Valladolid, y obstinados en sus herejía, fueron ende quemados, e muchos más fueron traídos a Santo Domingo de la Calzada, donde asimismo los quemaron: e Fr. Alonso, que había sydo comenzador de aquella herejía, luego como fue certificado que la pesquisa se hacía, huyó y se fue en Granada, donde llevó asaz mozas de aquella tierra, las cuales todas se perdieron, y él fue por los moros jugado a las cañas, e asi hubo el galardón de su malicia”

XV. mendean, hiru korronte heretiko ezberdin gailentzen saiatu ziren, horietako bat Durangokoa,  Fraticelli mugimenduaren menpeko zena. Soziologikoki, Durangoko herejeen multzoa heterogeneoa zen, Prai Alfonso eta Prai Guillermo hereje-buruen jarraitzaileen artean tokiko nobleziaren hainbat kide aurkitzen ziren, hala nola, Unda, Muncharaz, Urquiaga edo Berriz familiak. Horien interes ekonomiko eta politikoak Durangora ez ezik, Bizkaiko lurralde osora zabaltzen ziren eta Ganboatar eta Oñaztarren arteko tira-biren tartean aurkitzen ziren. Praile disidente hauen jarraitzaileen artean, nobleez gain, hiribilduko herritar soilak ere aurkitzen ziren, erremusinen bidez lagunduz, horien artean, artisau, merkatari eta eliza estamentuko kideak, baita ehungitza eta burdingintzako proletarioa ere. Azkenik, nekazariak eta gizartetik deserrotutako jendea aurkitzen zen. Ondoren, Prai Alfonso eta Prai Guillermoren disidentzia korrontea Satanen gurtzak ordeztu zuen, horren jarraitzaileak “Sorgin” terminoz izendatuz, fenomeno berri horren errepresio lana Inkisizioak hartu zuelarik.

TRONPA IRUDIA

Hereje terminoa eta Tronpak, instrumentu musikalak (ikus irudia), estu loturik daude: Prai Alfonsok Durangon gauez egiten zituen bilerak gogorki jazarriak ziren autoritateen eskutik, ordea, telegrafo akustikoen bidez, Alfonsoren jarraitzaileek autoritateen presentziaz ohartarazten zuten. Telegrafo akustiko horiek tronpak ziren, Santanderretik ekarriak eta Alfonsoren jarraitzaileen artean banatuak, estrategikoki kokatutako lekuetatik prailea ohartarazteko helburuz jotzen zirenak. Gertakari horren ondorioz, Durangok tronperri izena hartu zuen, hots, tronpen herria. Egoera horren baitan, Inkisizioak 4000 gizon bidali zituen Durangora eta atxilotutako 13 pertsonak bizirik erre zituzten Andra Mariko plazan bertan, eguerdiko hamabietako meza bukatu bezain laster.

Laburbilduz, herejeak eta tronpak estu loturik daude durangaldean. Hori da gure izatearen funtsa. Ezarritako dogmetatik haratago, ironia eta umorearen bitartez, Durangaldean esaten ez diren egien (eta gezurren) bozeramaileak gara gu, gure instrumentuak ez dira tronpak baina funtzio berbera dute. Horiek horrela, gure logoa tronpa baten eta Kurutziagako gurutzearen arteko nahasketa da, Durangaldeko historiari eta, bereziki, Durangoko ikurretako bati so eginez, gu Durangaldeko herejeen 2.0 hotsa gara.

Advertisements

Create a website or blog at WordPress.com

Up ↑