Durangoko Udalak Bizenta Mogel liburutegia itxiko du erabilera desegokia ematearren

Azterketa garai betean erabiltzaileek ikasketa guneei ematen dieten erabilera desegokia dela eta Udal gobernuak gune horiek ixtea erabaki du denbora zehazgaberako

Urtero moduan, azterketa garaiko ikasteko premiak deituta, Durangaldeko gazteak Bizenta Mogel liburutegian biltzen dira, gurasoen begietara ikasten dutenaren plantak egiteko asmoz. Liburutegiko arduradun den, Ixildro Mesedez jaunak azaldu duenez: Gazteak liburutegira hiru gauza egitera doaz; ligatzera, lagunekin berotan egotera eta etxetik ateratzen dituzten liburuak bertan utzi eta alde zaharreko tabernetatik ibiltzera. Ixildrok azaldu duenez, Oscar Bikandi “Koki”-k makina bat eta janaria saltzeko postu bat jartzeko proposamena egin izanak liburutegia ixteko beharra azaleratu du, Durangalde osoak baitaki ikasi baino beste edozer egiten dela liburutegian. Udalak hartutako erabakiaren aurrean, benetan ikastera doazen 5 gazteek Lagunbako Ikasle Bikain Ulebakoen elkartea “LIBU” sortu eta leihorik gabeko lokal bat alokatu dute autistarenak egiten jarraitzeko. Udalaren erabakiak ordea, ikasleengan ez ezik hautsak harrotu ditu alde zaharreko hainbat negozioren artean, esaterako Mesoi Berria-ko jabeak azaldu duenez %526ko beherakada egongo da tortila eta mosto salmentan, zuzenki arabako BPG-a (PIB) jaitsiaraziko duena mahats eta patata salmenta murriztearen ondorioz.

Herritarren kexuak ikusita, Durangoko Udala zerbitzu minimo batzuk mantendu ala ez aztertzen ari da, horrela, talde-lanak eta batukadak egiteko gela bat, Afrikara transferentziak egiteko ordenagailu bat eta telefonoz hitz egitera joateko komun bat zabalik mantendu nahi dituzte; gehien demandatzen diren zerbitzuak bermatzeko. Eztabaidak alde batera utzita, bi egunez EHU-ko ikerlari talde bat laginak hartzen egongo da goiko pisuan, gaixotasun berriak ezagutu eta horiei sendabidea emateko, azaldu dutenez ekosistema perfektua baita edozein bakteriak etxe bat erosi, familia bat eratu eta bertan pozik bizitzeko. Ikerketa guztiak bukatuta ikasketa gela guztiak fumigatu eta ondoren su emango zaie bakteria guztiak hiltzeko.

Durangoko ERNAI-ko buru den Batzartze Igan de Goizez Solairugoikok azaldu duenez, gazteei sortu zaien gabezia betetzeko karpeta korporatiboen lehiaketa, ligatzeko tailerra eta aulkian arraro jartzeko yoga tailerra antolatu dituzte. Guzti horiek egunero ospatuko dira goiz eta arratsaldez Santa Ana plazan eta ezinbestekoa izango da ur kantinplora moderno reglamentarioa eramatea tailerretan parte hartzeko.

Advertisements

Erantzunak itxita daude.

Create a website or blog at WordPress.com

Up ↑

%d bloggers like this: