Txapito Guzman: “Giroa sortzeko, kalitatea ere beharrezkoa da, ostean feriako tximino bat bilakatuta buka dezakezu”

Hiru urte betetzeko zorian daudela, azken aldian kaleak doinu mexikarrez betetzen aritu diren Txapito Guzman eta Ibarrako Langostinoak musika taldea elkarrizketatu ditugu Hitzetik Tronpara atalean.

 

THH: Berotzen joateko, seguruenik askotan erantzunda izango duzuen galdera, zergatik Txapito Guzman eta Ibarrako Langostinoak izena? Ez al duzue marketing ikasi duen lagunik?

Lehenengo eta behin Txapito Guzman deitzea otu zitzaigun, Txapo Guzman atxilotu berri edo ihes egin berri zegoen eta oso presente zegoen komunikabideetan. Broma bat bezala hasi zen “Txapito” deitzearena eta azkenean izen horrekin geratu ginen erritmo mexikarrak jotzeko izen  kuriosoa iruditu zitzaigulako. Geroago, Ibarrako Langostinuek gehitu genion izenari, Euskal Herriko ukitu pikante bat emateko.

“Ez gara mexikarrak” da zuen CDko kantetako baten izena, zuen bideoklip eta kontzertuei erreparatuz ordea ezin da mexikar itxura handiagorik izan, hala ere, nolabaiteko baserritar kutsua nabari daiteke zuen letretan. Alejandro Sanz-en moduan “Corazón partido” duzue?

Gure musika estiloa argi dago mexikarra dala, jotzen ditugun abesti propio, bertsio baita gure zuzenekoetako estetikan ere, baina gu ez, fisikoki gainera hurbilago gaude ia bielorrusiar talde batetik mariatxi talde batetik baino.

Letren inguruan badaude baserriarekin zerikusia daukaten pare bat, lehenengo diskan, izan ere baserriak alaitasun pixka bat behar duela ere iruditzen zaigu, instituzionalki baserritarrak baztertuak izan direlako eta gero eta gutxiago geratzen baitira zutunik. Hala ere, ez dugu gai horretan estankatzerik nahi eta bururatzen zaigun edozein gairi buruz abestuko dugu.

Arrasateko San Juanetan izan zen zuen debuta, Gipuzkoan beraz, 24 orduko Fandango eta Arin-arin maratoien erreinuan. Nolakoa izan zen lehen kontzertu horren harrera?

Argi genuen lehenengo kontzertua kalean izango zela, askoz hurbilagoa baita eta Arrasaten txaranga formatuan irten ginen estreinu moduan eta oso pozik geratu ginen. Musikalki ez  zen gure kontzerturik onena izan baina giro ederra sortu zen eta pozik bukatu genuen jendearen erantzuna ikusita.

Hasieran, leku finkoetan jotzen hasi zineten eta ondoren elektrotxaranga estilora igaro, zuen tresnak karro baten kargatuz. Egia al da hainbat tabernatik kanporatuak izan ondoren etorri zitzaizuela ideia hori, arinago irteteko? Zergatik estilo aldaketa hori?

Hasieratik hasi ginen estilo biak uztartzen eta bakoitzak zerbait ezberdina ematen dizu. Kalean txaranga moduan jotzen zaudela jendearekin sortzen den hurbiltasun eta giroa askoz hobea da eszenatoki gainetik jotzea baino. Zortea izan dugu, laguntzaile ugari izan baititugu karroa montatu eta bultzatzerako orduan eta hori asko eskertzen da. Eszenatokian aldiz erosoagoa da, ez duzulako material dena, gehi elektrizitate sorgailu, gehi karroa eraman behar eta soinu egokia aurkitzea ere errazagoa da.

 

WhatsApp Image 2018-12-07 at 14.45.05 (1).jpeg

 

Edozein belarrik baieztatuko luke, hasieran estiloa zaintzera baino, zuen esfortzuak giroa sortu eta askotan ikuslea mikrofonora hurbiltzera bideratzen zenituztela. Orain zuen Cd eta bideoklipak ikusita, ematen du kalitatearen aldeko apustua egin duzuela, zer uste duzue horren inguruan?

Giroa sortzeko kalitatea ere beharrezkoa da, ostean “feriako tximino” bat bilakatuta buka dezakezu, hortaz, oreka puntu baten aldeko apustua egin dugu. Hurbila eta ona izatea da gure helburua eta batzuetan zaila da hori gestionatzea, izan ere, kalean jotzen zabiltzala pertsona batek mikrofonoa hartu eta jotzen ari garen kanta abesten hasten bada, kanta hori jakin gabe, sentitu arren mikrofonoa kendu behar diogu eta zorte on Maria Anton! Ez rock-star ukiezin bat ez karaoke bat izatean datza denak.

Egozentrismoa zer den badakigu, zer da ordea Hegoizentrismoa? Existitzen al da edo mito bat da?

Petite eta bere trikitixa erdigunean ipintzearen teoria da ezta? Hegoik kanta konposatzerako orduan pisu gehiena hartzen du, orokorrean melodiak ateratzeko, hortaz Hegoidependentzia baten menpe gaudela esan genezake, baina pixkanaka zama hori berari kentzen joatea espero dugu.

Hegoi Petiteren trikitixa zaletasuna ezaguna da, “Potti”, Abaunza eta “Asto”-ri ordea beste genero batzuetan kokatzen zaituztegu. Fandango, Arin-arin eta trikitixa zaleak ere bazarete, edo rantxerak izan dira trikitixara batu izanaren errudunak?

Potti, Abaunza eta Asto beste estilo batzuetatik datoz, gehienbat rock eta punk doinuetatik, baina oso balioaniztunak dira eta edozertara apuntatzen dira.

WhatsApp Image 2018-12-07 at 14.45.04.jpeg

Zuen sare sozialetako azken argitalpenean, abuztuan azken kontzertua eman eta gero, denbora batez eszenatokiak utzi eta “Zozer barrixe eta ultra pikantie preparetie gurogu” diozue. Zer ezkutatzen da esaldi horren atzean? Tabasco ogitarteko bat, antzerki obra bat, zuen izena duen txirrindularitza talde bat, gorrentzako fundazio bat, Atxagaren Obabakoak obraren moldaketa “Lotsabakoak” izenpean, diska berri bat… Zuengandik edozer espero dugu, kontaiguzue.

Ikusleentzat zorionez ez dauka pornografiarekin zerikusirik. Orain labea prestatzen gabiltza datorren urtean gure kantekin diska berri bat grabatzea nahi dugu eta, izan daiteke bertsioren bat ere grabatzea, baina hori egunerokotasuneko lanak esango du. Hainbat ideia ditugu buruan eta hauek gauzatu ahala joango gara horien berri ematen.

Hitz baten “sobrelamartxa”.

Durangoko Liburu eta Diska Azokan ere egongo zaretela esan digute, zein izango da zuen marketing estrategia? “Musikari amateur, herrikoi, hurbil eta saltseroena” edo “Musikari profesional, ezagun, kultureta, handikoi, kapitalista eta putasemearena” ? Zer espero duzue Azokatik?

Gure izenean ikus daitekeenez, gure marketing estrategia hutsa da. Iaz kaleratu genuen diskatik aparte produktu fresko barik gatoz. Liburu eta Diska Azokan  “Pott Produkzioak” produktoraren standean egongo gara, Goienkale 47 zenbakian zehatzago esanda, eta gure estrategia zein den jakiteko etorri bisitatzera!

TRONPA GALDERAK:

Ibarrako langostino gabeko babarrunak edo alkohol eta tabako gabeko kontzertu bat?

Alkohol eta tabako gabeko kontzertu bat meza bat da, eta ez zaigu meza gustatzen.

Zenbat fabore zor dituzue Cd-a eta bideoklipak grabatu ondoren?

Buff, galdetu gure kontzertuetara etortzen den Frakdun kobratzaileari.

“Potti”-ri beso bat moztea edo Hegoiri atzamar bat?

Bakoitzari hankako behatz potoloa, ez du ezertarako balio eta.

Manolo Escobarri karroa ostu zioten, ez zineten zuek izango ezta?

Ez, baina gustura ostuko genioke.

“Casarte con uno feo, con casita en la playa y yate para navegar” edo neskazahar betirako?

Diruagatik ezkondu baino lehenago neskazahar duda barik.

Advertisements

Erantzunak itxita daude.

Create a website or blog at WordPress.com

Up ↑

%d bloggers like this: