Gerediaga Elkarteak herritar eta bisitariak Durangoko Azokaren arriskuetatik babesteko gida kaleratu du

Durangoko Udalak emandako ultimatumaren ondoren, elkarteak bere segurtasunerako akzio planaren ardatz izango den gida kaleratu du

Gerediaga Elkarteko lehendakari den Nerea Seme Galanta durangarrak eguerdi honetan Hitz Liburudendako prentsaurrekoan aditzera eman duenez, Durangoko Udaletxeak azken urteotan Azokaren ospakizunak eragindako kalteak gutxitu edo berau debekatzearen inguruko mehatxuen aurrean, segurtasunerako akzio plan bat eratu du azken hilabeteotan. Seme Galantaren hitzetan “segurtasuna arriskuan jartzen duten elementu nagusien azterketa sakona egin ondoren, Azokan Bizirauteko Gida izango da herritar eta bisitariak arriskuotatik babesteko tresna erabilgarriena.”.

Tronpa Herejeon Hotsa aldizkaritik Gerediaga Elkartea lagundu nahi izan dugu ekimen honi hauspoa ematen eta horretarako, hurrengo lerroetan, Azokan Bizirauteko Gida helarazten dizuegu irakurle guztioi.

 

AZOKAN BIZIRAUTEKO GIDA

Gerediaga Elkarteak, Durangoko Azokaren ospakizunak eragin ditzaken kalteak murrizteko bere segurtasunerako akzio planari jarraituz, herritar eta bisitariak jarraian azalduko diren arriskuez ohartarazten ditu. Identifikazioa errazteko asmoarekin, Gerediaga Elkartetik hiru ataletan ezberdindu ditugu arrisku potentzialak: Flora (intestinala), Fauna eta Poltsikoa.

 

FLORA (intestinala)

WhatsApp Image 2018-12-03 at 13.15.31.jpeg

Egunean zehar

 Bizkaiko Txakolina: historikoki, bizkaitarren “nahi eta ezin” amaigabe baten bilakatu da Gipuzkoako txakolinarekin lehiatzeko esperantza. Edari arriskutsu honen kontsumoa hedatu egin da azken urteotan probintzialismoaren “forofo” hauek egindako zarata dela eta. Gethary University unibertsitate ohoretsuak egindako azken ikerketen arabera, Bizkaiko Txakolinaren kontsumo jarraituak sukar horia, dengea, “Gernikako arbola” ereserkia abesteko inkontinentzia, eskorbutoa eta derbiak 1-3 galtzen jarraitzea eragin diezaioke kontsumitzaileari.

Canei: hauts nahasketa bidez sortutako edari alkoholdun honek kalte konponezinak eragin ditu azken urteotan alkoholdun edariak gustatzen ez zaizkien gazteengan. Medikuek, oraindik, eraginak zehaztu ezin badituzte ere, agerikoak dira gazteen artean honek eragindako kalteak; entzumen musikalaren atrofiazioa edo ganoraz hitzegiteko gaitasunaren murrizketa konponezina.

 Sagardoa: urte osoan zehar maketo legez aritu ondoren, Sabinoren barkamenaren bila Azokara etortzen diren part-time euskaltzaleen edari gogokoena da hau.Maiztasunez sagardoa gogoko dutelafrogatzeko beharra duten horietako bat ez izatekotan, edari hau ekiditea gomendatzen du Osakidetzak. 10 mili-litrotik gorako sagardo kontsumoak disenteria eta uzki-gorritze larriak eragin ditzake bere azido neurri altuak direla eta.

 Gauean zehar

Patxarana: nafarrek zaldiak lokartzeko asmatutako edari honek joan den urteko Azokan Gurutze Gorriak artatu zituen intoxikazio kasuen %70a eragin zuen, baita Udal Pilotalekuko bazkalosteko siesten %40a ere. Hala ere, Berrizko Berasaluze VIII Unibertsitateak egindako azken ikerketek adierazi dutenez, patxaranaren kontsumoak baditu alderdi positiboak ere: kontsumo jarraituak Bizkaitar arrunt batek esku-pilotan jokatzeko moduan nabarmenki eragin dezake.

 Makinako kalimotxoa: kalimotxo zaleei gomendatzen zaie, eskuz prestatutako kalimotxoek kostu altuagoa badute ere, beraien osasuna kolokan jartzen duen sasi-edari hau ez kontsumitzea. Eusko Jaurlaritzak makinako kalimotxoa debekatzeko legearen aurreproiektua aurkeztu du jada, tripak ere ipurtzulotik aterarazten dituen pirrileraren desagerpena lortzeko asmoarekin.

 Tequila fresa: Unibertsolarien txisa erabiliz egindako edari honek gazteen arteko alkoholizazioaren handiagotzean eragin zuzena izan duela adierazi du Eusko Jaurlaritzak menpekotasunen inguruan kaleratutako azken txostenak. Horrez gain, edariaren gozotasunak eta honek nagusientzako duen kaltegabe itxurak, 40 urteko helduen artean ezusteko mozkor irrigarri eta mingarriak eragin ditzake.

 Arriskutsuena

Txirrisklas:Pocholo Martínez Bordiú filosofoa Bidasoa ingurura oporretan joan zenean asmatu zuen edariak misterio handia izaten jarraitzen du lurtar gehienontzat. Zapore jasangaitzeko edari honen kontsumoa arrisku handiko jarduera bezala sailkatuta dago Fukushimako erreaktoreetan bainua hartzea gomendatu zuen mediku batek egindako sailkapenean. Txirrisklasak edatearen eraginak tuberkulosia, inauterietara arteko amnesia, biziarteko kagalera, modu atzeraezinean hikan bakarrik hitz egin ahal izatea eta Gipuzkoan bizitzera behartzen zaituen biziarteko kondena dira, besteak beste.

 

FAUNA

WhatsApp Image 2018-12-03 at 13.04.59.jpeg

Parrandatik kanpo

Iparraldeko agureak: iparraldetik leporaino beteta datozen autobusetan Durangora gerturatzen diren ipar-euskaldun nagusiak Azokara datozen bisitarietatik adeitsuenak direla esan daiteke segurtasun osoz. Gainontzekoentzat eragin ditzaketen kalteek ez dute zerikusirik beraien jokabidearekin, beraien hizkerarekin baizik. Iurretan urte luzez lanean ibilitako Txema Arginzoniz medikuak, iparraldeko agureen euskarari egozten dizkio durangaldeko umeen belarri bihurduren %98a.

Katalanak: Kataluniatik ere urtero hurbiltzen dira hainbat bisitari Durangoko Azokara. Hasiera batean adeitsuak eman dezaketen bisitari hauek helburu ezkutu bat dakarte esku-artean, euskal kulturarekiko begirunea benetako proposamenak ezkutatzen dituen ke errezela hutsa delarik. ERCk eta Puigdemontek pertsonalki bidalitako espioi kataluniarrek euskaldunak mozkortu eta ahulezia momentuetan independentziaren bidean funtsezko izan daitekeen informazioa eskuratzea dute helburu. Federico Jimenez Losantos kazetari handiak adierazitakoaren arabera, Azokan zehar lortutako informazioa izan da Kataluniaren independentzia prozesua bere puntu gorenera heltzearen arrazoi nagusia. Kataluniak Euskal Herriaren aurretik independentzia lortzea bidegabekeria historiko bat izango zela eta, espioi hauekin kontuz ibiltzeko oharra helarazi nahi du Gerediaga Elkarteak.

Gipuzkoarrak: gipuzkoarrak dira Durangoko Azokako benetako euskarri ekonomikoa. Gipuzkoar helduek ez dute inolako arriskurik suposatzen bakarka edo talde txikietan datozenean. Hauek daukaten arriskua, aldiz, kopuru handietan datozenean agertzen da. Udaltzaingoaren atestatu eta txostenetan gipuzkoarren multzoek eragin dituzte azken urteotan Mesoi Barria tabernan zauritu larriak eragin dituzten jende-pilaketa guztiak.

Parrandan bertan

Iparraldeko gazteak: iparraldeko gazte exotikoak dira beraien euskara liluragarriaz eta, lagunen artean frantsesez jardunez, ezkutuko planifikazioak ematen dien abantailaz baliatuz nesketan eta mutiletan egitean arrakasta gehien izaten duten bisitariak. Baina iparraldekoen gozotasun eta eztitasunak hipergluzemia eragin dezake lore eta lausenguetara ohituta ez dauden hego-euskaldunen artean. Horrez gain, durangar arkaikoenen jeloskortasunak hainbat borroka eragin izan ditu azken urteotan, beraien bikoteak beraienak baino handiagoak diren pitilindun edo urrezko potxolinadun iparraldekoekin liatu eta beraiek abandonatuko dituztenaren beldurrak bultzatuz.

 Gazte nafarrak: pilota partidua ikusi eta osteko parranda goizaldera arte luzatzeko aukera tentazio handiegia da Nafarroako gazteentzat. Nafarroatik datozen parrandazaleek ez dute arazorik sortzen egunean zehar, baina orduak pasa ahala, hauen arrisku-mailak gora egiten du. Nafar gazteek berezkoa dute jokabide latza, eta hau, testuinguruaren arabera, jokabide zakartzat hartzen da, gazteen arteko istiluak sortuz. Hala ere, nafarrek ematen dituzten arazo larrienak bertakoek beraiekin egiten dituzten apustuekin dute lotura. Joan den urtean lau gazte artatu zituen Gurutze Gorriak gazte nafar batek lau gazteen kontrako “pulso gitano” batean ukondoak apurtu zizkielako nahi gabe. Nafarrak identifikatzeko errazak dira bost pertsonako taldean (zazpi pertsonakoak furgoneta jabeen koadriletan) ibiltzen direlako eta udalerriko edozein txokotan aurki daitezkelako lo goizaldeetan, mozkorra pasatu eta kotxea hartu ahal izateko esperoan.

 Gazte gipuzkoarrak: heldu gipuzkoarrak Azokaren oinarri ekonomiko diren modu berean, gazte gipuzkoarrak dira alde zaharreko tabernen sostengu ekonomikoa. 40 pertsonako taldeetan mugitu ohi dira Gipuzkoatik hurbiltzen diren parranda zaleak eta hauen bereizgarrietako bat despedidaren baten ospakizunagatik mozorrotuta doan kiderenbat izatea da. Gipuzkoarrek tabernetan sortzen dituzten pilaketa eta multzoengatik hainbat nazka eta antsietate atake pairatu izan dituzte herritar batzuek azken urteetan, Durangarren artean gipuzkoarrenganako etsaitasun sentimendua hazi eta borroka ugariren arrazoi bilakatuz. Aipatzekoa da durangarrek Azpeitia eta Azkoitiako gazteak ulertzeko duten ezintasuna izaten dela gaizki ulertuak sortu eta gatazken %95aren jatorria.

Gazte arabarrak: ez dira Azokan sekula ikusiak izan. Baina, Blusa talde bat agertzeak eragin ditzaken kalteak zeintzuk diren ikusirik, alarma egoera mantentzea ez da gehegikeria bat.

Bizkaitarrak: Durangaldetik kanpoko bizkaitarrak, orokorrean, ez dira gainontzeko parrandazaleekin nahasten. Tabernetan barrena poteak hartzen ibili beharrean, sei pertsonako taldeetan lurrean jesarri eta, diskoteken irekitze ordurarte, garrafetatik alkohola edatea nahiago izaten dute. Bizkaitarrekin harremaneraketek norbanakoaren erdalduntzea eragin dezakete, hauek elkarrizketa gaztelaniara aldatzeko duten erreztasuna dela eta. Aurten Belarriprest txapekin agertuko direnaren aurreikuspena egin du Durangoko Udaleko kultura arduradun den Maddalen Hipos Cratos zinegotziak.

Arriskutsuenak

Mendiola eta Elorrioko gazteak: ikerlariek aurkitu ezin izan duten arrazoiren batengatik, normalean “metropoli”-aren etsai diren gizaseme hauek oso durangar sentitu ohi dira Azoka astean. Durangar sentimendu horrek oso lurraldekoi bilakatzen ditu Mendiola eta Elorrioko gazteak, kanpotarren edozein bat-bateko mugimendu edo hitz zakarreri oldarkeriaz erantzun eta borroka andana eraginez. Bost pertsonako taldeetan mugitu ohi diren gizakume hauek daramatzaten erdi-jarritako txanodun sudaderek, mosketoidun giltzatakoek eta Salomon lokaztuek hauen antzematea errazten dute.

 

POLTSIKOA

WhatsApp Image 2018-12-03 at 13.33.22.jpeg

Toti Martinez de Lezearen bilduma osoa: gazte literaturari urtero, eta zazpinaka, ekarpenak egiten dizkion Totiren liburuak izaten dira gazteenen artean arrakasta gehien izaten dituztenak. Guraso askok, seme-alaben kaparrada jasangaitzak ekiditeko asmoarekin, Totiren obra osoa erosteko, kreditu eta hipoteka ordainezinak izenpetzera behartuta ikusten dituzte beraien buruak, benetako drama familiarrak eraginez.

Andra Mari elizpeko gaztainak: razio bakoitzeko gaztaina kopuruak behera egiten duen bitartean, hauen prezioak gora egiten jarraitzen badu ere, gaztainen arrisku nagusia ez da arlo ekonomikoari dagokiona. Gaztainen kontsumoak eragindako kalteak eskuetako erredura larriak, “bocaseking” sindromea eta razioa ezin bukatzeak eragindako urduritasun eta antsietate krisiak dira. Gaztaina saltzailearen adeitasunak erosleak itsutzeko  duen ahalmenaz jakinarazi nahi dizuegu azkenik.

Kalean txis egiteagatiko isuna: Durangoko udaltzainek abian jarritako erreskate ekonomikorako kanpaina dela eta, burusoil geratzen ari den jendea kaleetan zehar ilea botatzen ibiltzeagatik zigortua izan dela jakin izan da. Hau horrela izanik, kalean txis egitearren 50€tik 200€arteko isuna ezartzen dela jakinarazten da txistularia Zornotzarra ez izatekotan. Zornotzarra izatekotan, inbidia-astungarria aplikatuko baitzaio, isuna 9.000€koa izatera helduz.

Arriskutsuena

Gauerdiko arrosak: 19€ren truke bere ligatzeko aukerak %200ean handituko dituela pentsarazi diezaioken arrosak, etxera modu duin batean bueltatzeko aukerak %512an murrizten dizkio arrosaren erosleari, Durangoko bi taxistek taberna bateko ahozapian egindako kalkuluen arabera. Taxistek gehitu nahi izan dute garraio publikoan eginiko hamar  etxera bueltetatik zazpitan jesarri behar izaten dela erabiltzailea “podemita” batengandik gertu eta hamarretik bederatzitan garraio publikoak ez duela erabiltzailea etxeko atean bertan uzten.

Advertisements

Erantzunak itxita daude.

Create a website or blog at WordPress.com

Up ↑

%d bloggers like this: